Bueltan da Segurako azoka
“Zopazako” izenarekin, Seguran asteroko azoka berreskuratu du herritar talde batek. Irailaren 30etik aurrera ostegunetan izango da, Errebote plazan, 16:00etatik 19:30era.
“Zopazako” izenarekin, Seguran asteroko azoka berreskuratu du herritar talde batek. Irailaren 30etik aurrera ostegunetan izango da, Errebote plazan, 16:00etatik 19:30era.
Ekonomia zirkularra, sukaldaritza eta produktu lokala ikastaroan parte hartu eta bertan bururatu zitzaien ideia. Madura Elikagai Elkartea sortu dute azoka kudeatzeko eta elikadura osasuntsuari lotutako beste hainbat jarduera antolatzeko.
Bertako ekonomia sustatzea eta kontsumitzailearen eta ekoizlearen arteko zuzeneko salmenta bultzatzea izango dute helburu. Aizkorpeko ekoizleekin egingo dute lan, baina Goierri eta Euskal Herri mailara ere zabaldu nahi dute deia. Helburua ekoizpen ekologikoa bultzatzea da eta horregatik Aizkorpe kanpoko ekoizleek ekologikoan ekoiztu beharko dute parte hartzeko, eta Aizkorpekoei denbora emango zaie ekologikora pasatu ahal izateko.
Asteroko azoka xumea izan nahi du: barazkiak, gaztak, sagardoa, ogia, eztia… Erosketak egiteaz gain, hitzaldiak, ikastaroak edo elikadura osasuntsua sustatzeko beste jarduera batzuk ere antolatzea aurreikusi dute.
Taldea zabalik dago eta beraz parte hartu nahi duten ekoizleek zopa.azoka@gmail. com helbidera idatz dezakete.